Volver a portada

Ilustratuak, kaleak eta kafea

Lucía Martínez Odriozola.

Mazarredo zumardia eta Urkixo zumarkalea Bilboko kale bi dira, baina, hiriko planoan begiratuz gero, edonork bide bakar bat dela esango luke, Arte Ederretako museoan abiapuntu duena eta Sabino Arana etorbidean hiltzera doana. Don Diego Lopez de Haro Kale Nagusian jarrita, ageri dira alde batera Mazarredo eta beste aldera, Urkixo. Biak bilbotarrak, ilustratuak eta José I.aren ministroak.

Mariano Luis de Urquijo Bilboko San Nikolas elizan bataiatu zuten 1768an, eta Parisen hil zen 1817an, Maiatzaren Biko altxamendua pasatu eta bederatzi urte eta egun bat geroago, kartzela-zigorra bailitzan. Baten batek, agian Llorente kalonjeak, bere hilobian honako hitz hauek idatzi zituen: «Gizateri osoak, batez ere Espainiak, bere aberri maiteak, beti sentituko dute berak utzitako hutsa. Lur, arin izan zakizkio!».

Bere garaiko frantsestu guztiak bezala, Urkixo eraberritzailea izan zen, eta ‘Bascongada’koa, hau da, Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa. Garai hartan, tertulia honetako kideak Azkoitiko Insausti jauregian biltzen ziren, ostegun arratsaldeetan. Frantsesezko liburuak irakurtzen zituzten, eta Frantziako moduan jantzi eta apaintzen ziren. Elkarte hau abangoardiakoa izan zen eta, batez ere, jarraibide bat: beren eredua aintzakotzat hartuz, hainbat jarraitzaile sortu zen ia Espainiako probintzia guztietan.

Javier Fernández Sebastiánek, Euskal Herriko Unibertsitatean Pentsamendu Politikoaren Historiako katedradunak esaten duenez, frantsestuen jokabidea, hasieran, ohituren kontu hutsa bazen ere, geroago mugimendu politiko bihurtu zen: «Dena dela, garai hartan gertatutakoa ezin da epaitu gaur egungo begiradarekin». Bere iritziz, «foruak Espainiako erregearekiko leialtasunaren sinbolo ziren». Nolabait, odolez ordaindutako kontribuzioaren truke emandakoak. Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru probintziek Frantziar Errepublikaren kontrako gerra nozitu zuten, 1793 eta 1794 urteetan. Ondorioz, orduko gizartea guztiz hondaturik zegoen, eta geroago Napoleonek bere indar guztiak mugan jarri zituenean, ez zuen ia zailtasunik aurkitu: erresistentziarik ez.

José I.ak bere gortea Madrilen kokatu zuen, baina, Baileneko batailaren ondoren, Gasteizen gorde behar izan zuen bere burua eta gorte osoa. Horrela, Arabako hiriburua Espainiako hiriburu bihurtu zen. Mariano Luis de Urquijo bere ministroa izan zen, paper zaharrek esaten dutenez: Grazia eta Justiziako idazkari izendatu zuen frantsesak.

Mazarredo, berriz, militarra eta ospe handiko itsasgizona izan zen. Wikipedia entziklopedian, José de Mazarredo Salazar ageri da bere izen osoa; Bizkaiko Foru Aldundiak 1989an argitaratutako beste entziklopedia batean, ordea, José de Mazarredo y Gortazar ageri da. Bonaparteren agintaldi hartan, Itsas Armadako zuzendari orokorra izan zen.

Espainako hiriburua zen Gasteiz hartan, bazegoen beste ilustratu bat, Valentin Tadeo de Foronda Gonzalez-Etxabarri, handikien familia batekoa. Gaur Egungo Historiako irakasle Juan Graciak dio Forondak ez zuela garrantzi handirik izan Independentziaren Gerran, baina lehenengo liberaletako bat izan zela. Horrexegatik izan zituen arazoak Inkisizioarekin eta bere garaikideekin. «Nolabait, gizon madarikatua izan zen», dio Graciak.

Kafea versus txokolatea

Cadizeko Konstituzioaren ondorioz, herritar guztien berdintasuna ezarri zenez, foruak kolokan jarri ziren. Frantziaren eta anglosaxoniar munduaren eragina zuen Forondak, eta foruen kontra egin zuen. Philadelphiako American Philosophical Society elkarteko kidea izan zen eta Ameriketako Estatu Batuetara joan zen bizitzera. Baina aldez aurretik Euskalerriaren Adiskideen Elkartean ere ibilia zen.

Gasteiz, Bilbo bezala, hamar mila biztanleko hiri txikia zen. Bilboko portua zortzigarren postuan zegoen Espainiako portuen sailkapenean, beraz, ez zen garrantzi handikoa. Dena dela, merkatugaiak errepidetik baino gehiago, itsasotik zetozen. Gasteizen, berriz, jauregietan bizi ziren handikiak, eta haien semeek Frantzian ikasten zuten.
Garai hartan, batzuek, Baskongadakoek, jauregi batean bilduta eztabaidatzen zuten beren artean, baina baziren tertulia zabalak ere, kafe etxeetan antolatzen zirenak. Ordukoak dira lehenengo kafe etxeak. Tabernak eta kafe etxeak ezberdintzeko, hauek ispiluekin eta gortina handiekin apaintzen ziren. Bertara joaten ziren klase ertaineko liberalak eta modernoak, prentsa irakurtzen zuten, eta, batez ere, berba egiten zuten. Ordura arte, gortean hertsirik egona zen politika, eta orduantxe plazaratzen da: lehenengo mitinak entzun ziren.

Kafe etxe horietara gizonezkoak baino ez ziren joaten, gizonezkoak eta modernoak, kafea edateko gogoa zutenak. Beste muturrean tradizionalistak zeuden, kafea eta kafe etxeak gorroto zituztenak. Hauek maite zuten esentzia, txokolatea zen.
EHUko katedradunak honako gogoeta egiten du: «XVIII. mendearen amaieran, euskal gizartea aurreratua eta abangoardiakoa zen. XIX.aren hasieran, gerraren ondoren, atzealdean geratu zen. Norabidea guztiz aldatu eta eliteek bizkarra erakutsi zioten modernotasunari».


 


Reportajes


Vídeo resumen

Foto. Guerra de la Independencia

Ver todos los vídeos

Recreaciones de batallas

Foto. Guerra de la Independencia
Batalla de Tudela
Foto. Guerra de la Independencia
Batalla de La Albuera

Recreaciones de batallas

Foto. Guerra de la Independencia
Cine. Fusilamientos
Foto. Guerra de la Independencia
Videojuego. Somosierra