Napoleonek Espainiaren konkistari ekin zionean Portugalera joateko aitzakian, eta horrek Espainiaren eta Frantziaren arteko gerra piztu zuelarik, pentsatzekoa da euskaldun dezente egongo zela frentearen alde batean zein bestean (historian zehar askotan gertatu zaigun zorte etsaia da), Espainiaren independentzia defendatzen batzuk, Frantziaren interesen alde beste hainbat. Napoleonen tropetan euskal mutil asko ibiliko zen, urte batzuk geroago Solferinoko batailan zorte etsaiak itsu utzi zuen mutil haren moduan. Euskal mutil asko ibiliko zen Napoleonen kontrako altxamenduan ere, ez zutelako inondik ere nahi Napoleonek «Jesus dionean, guk erantzun amen!». Eta izatez, izango ziren ez batean ez bestean zeudenak ere: horra, adibidez, Mogelen ‘Peru Abarka’n ageri zaigun baigorriar azeri-ehiztaria, Hegoaldeko euskal lurretan ezkutatu zena, Napoleonen kanpaina baino urte gutxi batzuk lehenagoko Frantziak bizi izan zituen iraultzen eta gerren ihesi. Gerra guztietan gertatzen da auskalo nork hartutako erabakiekin ezer jakin nahi ez hori ere, nahiz historiako liburuek ez duten halakorik jasotzen (eta jasotzen badute, ‘desertore’ hitzari hautsak harrotzeko izaten da).
Batzuek ‘Frantsesada’ deitzen diote gertakari historiko hari, eta beste batzuek, berriz, ‘Frantsestea’, baina, orain arte esandakoaren haritik, ez dirudite oso izen zuzenak. Ez dute, behintzat, errealitate historikoa behar bezalako zehaztasunez izendatzen. Arrazoi berberarengatik, ezin deituko diogu ‘Independentziaren gerra’, baina ikuspegi hori defendatzeko ez da nahitaezkoa errebisionismo abertzale ‘avant la lettre’ baten atzerako begirada bati eustea («izatekotan, Espainiako Independentziaren gerra izan zen hura», eta abar). Hizkuntzaren eta hiztunon barne koherentzia dago auzi horren aurretik eta gainetik. Antonio Zavalak bere artikulu bati ‘La guerra napoleónica de España y los bersolaris’ titulua eman zionean, zuzen-zuzenean ekin zion gaur hona ekarri dudan zehaztasun eza terminologikoari: «El título evita las expresiones ‘Guerra de la Independencia’ y ‘Francesada’ –‘frantsestea’ en el euskara del sur del Bidasoa–, porque hay también estrofas de los vascos del norte de este río, los cuales no verían en ella ninguna guerra de la independencia y en vez de la ‘francesada’ la hubieran podido llamar la ‘españolada’». Gerra hartako bertso-bildumari ‘Fantzestearen bertsoak’ deitu ondoren idatzitakoak dira Zavalaren hitzok.
Euskaldun asko ibili da Frantziak eta Espainiak izandako gerra ugarietan. Batzuetan, bi estatuen arteko elkarren kontrakoak ziren gerrok: horra, Napoleonen Espainiakoa. Beste batzuetan, berriz, mundu alu-pertza bateko lautadak ezagutu behar izan zituzten euskal mutilek, baina ez elkarren kontrako gerretan: horra, Espainiak Marokon edo Kuban izandakoak; horra, Frantziak Lehen Mundu Gerran edo Indotxinan edo Algerian izandakoak.
Gerra horiek guztiek utzi dituzten literatur emaitzek garbi erakusten dute euskaldun asko ez dela soldadu huts izan, ezta herritar asko ere gertakarion lekuko mutu, gerrok kontatu eta kantatu baitituzte, nork bere ikuspegitik eta zekiten modurik onenean: Hegoaldekoek, bertsotan guztiz nagusiki; Iparraldekoek, berriz, bertsotan eta, hogeigarren mende hasieratik aurrera behintzat, baita hitz lauzko kroniken bidez ere.
Bereizitasun horrek ematen du zer hausnarturik. Hegoaldean ez bezala, gerrara joandako ipartar askok prosaz eman izan du gerraren lekukotza, Iparraldeko literaturak asko zaindu du gerra-oroitzapenen prosazko eremua. Zergatiak? Hona begi-bistakoenak: soldadu asko ondo eskolatutako apaizak ziren; beste asko, Hegoaldekoak baino jantziagoak ziren letra kontuetan, Frantziak joan zen mendearen hasieran ezarri zuen eskola-sistemaren eraginez nagusiki, eta horrek arrasto sakon asko utzi du euskal letretan.
Baina, esanak esan, bertsoz emanak dira Napoleonek Espainian egindako gerren euskarazko lekukotza gehien-gehienak, eta bistan da Azkuek edo Zavalak egindako bertso bilketak ez direla uzta oparo batetik geratu zaizkigun printza batzuk besterik. Leizaolak ere liburu bat eskaini zion Napoleonek Espainian egindako gerrari (‘1808 en la poesía popular vasca’, Ekin argitaletxea, Buenos Aires). Bertan aztertzen dituen bertsoak zein Azkuek eta Zavalak bildutakoak oihartzun ezin egokiagoak dira garai hartan jendeak gerraz zituen iritzietara hurbiltzeko; jendearen pasioen sua bizitzeko; eztabaiden nondik norakoak ezagutzeko. Napoleonen kontra altxatzeko deiak edo frantsesen kontrako herra pizteko ‘gonbiteak’ dira bertso asko, frantses gehienak herejeak baitira, ‘guziak ladronak’. Beste bertso asko, ordea, Napoleonen aldekoak dira; edo Espoz eta Minaren kontrakoak; edo Godoy eta Carlos IV.ena gogotik larrutzen dituztenak…
Alde historikotik zein literariotik begiratuta, zer pentsatua ematen duen gerra da Napoleonek Espainian eragin zuen hura: hizkuntza baten zein bestearen barnetik munduari begiratzearen ondorioen aurrean jartzen gaituena.
![]() |
![]() Ver todos los vídeos |
![]() Batalla de Tudela |
![]() Batalla de La Albuera |
![]() Cine. Fusilamientos |
![]() Videojuego. Somosierra |