Iñaki Mendizabal Elordik ‘Pellot eta Enperadorearen bahiketa’ izenburua duen nobelatxoa idatzi du, irakurle gazteak buruan dituela. Testuinguru historiko zehatz batean kokatzen da nobela honetan kontatzen den istorioa: 1815 urtean gaude, eta Napoleon Elban erbesteratuta dago. Testuinguru horrekin lotuta, idazleak abentura nobela bat planteatzen dio irakurleari. Napoleonen porroten ostean (Errusiako kanpaina aipatzen da behin baino gehiagotan, Espainiakoa ez ordea… euskal idazleen bitxikeriak), enperadorea Elban dago. Frantzian bere jarraitzaile batzuek konspirazio bat antolatzen dute enperadorea irlatik ateratzeko eta, gauzak honela, Pellot, Hendaiako euskal kortsarioa, kontratatzen dute abentura arriskutsu horretan parte har dezan.
Abentura klasikoak gogoratu nahi dituen liburua da Iñaki Mendizabalena, baina liburu honek ez duela guztiz funtzionatzen iruditu zait. Argumentua interesgarria da, eta gazteek ziur aski gustura irakurriko dute. Abentura nobela delarik, pertsonaiak ekintzetara emanda daude, ekintzetan baizik ezin baitute beren destinoa aurkitu. Hausnarketa-eta, ordea, gutxitan aurkituko dugu, batzuetan idazleak protagonistaren ahoan bizitzaren aurreko filosofia osoaren laburpena izan nahi duten esaldi biribilak jartzen baditu ere. Abenturak, borrokak, abordaje desesperatuak, ekidin ezinak diruditen arriskuak, ustekabeko topaketak, amaierako sorpresak… nobela honek abentura nobela izateko dena daukala dirudi, baina hala ere zerbait falta du. Abentura nobela klasikoen magia zehaztu gabe hura da liburu honetan aurkituko ez dena. Definigaitza den osagai horri esker, halako nobelak irakurtzean, ezin egonean egoten zen irakurlea, zer gertatuko zen jakiteko irrikatan, istorioan zeharo sartuta.
Beste aldetik, iruditu zait idazleak ez duela behar adina denbora hartzen gauzak kontatzeko, arin kontatu nahi duela, gertakarien segida eskuen artetik itzuriko balitzaio bezala. Honek, jakina, liburuaren erritmoa azkartzen du, baina batzuetan irakurleak zehaztasun pixka bat gehiago eskertuko luke, gertakari asko eta asko irakurlearen irudimenerako uzten baititu. Eta honelako nobeletan ohikoa den bezala, anakronismoren bat edo beste lerratu da liburuan, baten bat oso nabarmena (pertsonaia batek Aitor du izena, noiz eta 1815ean), sinesgarritasunaren kaltean, irakurlea anakronismoaz jabetzen bada.
![]() |
![]() Ver todos los vídeos |
![]() Batalla de Tudela |
![]() Batalla de La Albuera |
![]() Cine. Fusilamientos |
![]() Videojuego. Somosierra |